Makroekonomiak herrialde bateko ekonomia aztertzen du. Bere helburua da ekonomiaren funtzionamendu orokorra ulertzea eta, aldi berean, jarduera ekonomikoaren maila ezagutu eta bere garapenean eragitea.
Makroekonomiak helburu zehatzak finkatu eta politika makroekonomikoa diseinatzea ahalbidetzen dion funtsezko aldagaien azterketa egiten du, besteak beste, inflazioa, langabezia, nazio produktuaren hazkundea, defizit publikoa eta truke tasa.

Inflazioa
Gizarteari ekartzen dizkion onurak edota kostuak aztertzen ditu eta, era berean, hartu beharreko konponbide eta ondorioak ere.
Langabezia
Lan merkatuak pairatzen dituen desorekak, hala nola, langabezi tasa handiak aztertzen ditu eta horiek murrizteko hartu beharreko neurriak proposatu.
Nazio produktu hazkundea
Makroekonomiak ekoizpenaren hazkundearen arrazoiak aztertzen ditu. Ekonomia nabarmen hazten denean, lanpostu asko sortzen dira eta ongizatea orokortu egiten da. Ekonomia hazten ez denean, ordea, kontrakoa gertatzen da eta depresiora iritsi daiteke.
Defizit publikoa
Gastu eta diru sarrera publikoen arteko aldea neurtzen du, sektore publikoaren jardueraren oreka edo desoreka maila erakutsiz. Defizita handia denean, sektore publikoaren finantza beharrizanak handiak izango dira eta horrek interes tasak gora bultzatuko ditu, inbertsio pribatuaren kaltetan. 

 

JARDUERA: Joan zaitez INE web orrira eta bila itzazu azken datuak:

 

1. Nazio produktua

Makroekonomiak ekonomiaren funtzionamendu orokorra ezagutzeko zenbait kontzeptu erabiltzen ditu. Jarduera ekonomikoaren neurketa nazio kontabilitatearen bidez egiten da eta osagai adierazgarriena nazio produktua da.
Nazio produktua ekonomia batek epe jakin batean ekoiztu duen guztiaren balio osoa neurtzen du. Horretarako metodo zuzenena hauxe da: urtean zehar zerbait ekoiztu duten enpresa guztiak aztertu, ekoiztutakoaren balioa kalkulatu eta bere emaitzak batu. Baina, metodo hori ezin da horrela erabili, zenbait salgai behin baino gehiagotan zenbatuko baikenituzke. Hau horrela gertatuko litzateke produktu asko etapa desberdinetatik igarotzen direlako ekoizpen prozesuan (bitarteko ondasun bezala) eta behin baino gehiagotan saltzen dira azkeneko erabiltzailearengana iritsi baino lehen.
Hau gerta ez dadin bi aukera ditugu: bata, ekoizpen fase bakoitzaren balio erantsia kalkulatzea da eta, bestea, kontsumora bideraturiko azken produktuen balioa batzea da.

Nazio produktua, epe batean, oro har urtebete, ekonomia batek sortutako amaierako ondasun eta zerbitzu guztien balioa da.

BALIO ERANTSIA = OUTPUT – INPUT

ENPRESA GUZTIEN BALIO ERANTSIA = NAZIO PRODUKTUA

Esan behar da nazio produktuak ez dituela kontutan hartzen merkatuaren bitartez egiten ez diren jarduerak: etxeko andreek egindakoa, norberak egindako lana eta legez kanpoko jarduerak.

2. Euro korronte eta euro kostantea: deflaktatzea

Nazio produktua urte betean ekoiztutako ondasun eta zerbitzuen guztizko balioa da, hau da, hainbat kopuru (ondasun + zerbitzuak) haien prezioekin biderkatzearen emaitza. Baina prezioak urtetik urtera aldatzen direnez, nazio produktua prezio korronteetan edo prezio konstanteetan adieraz daiteke.
Ondasun ezberdinen prezioak proportzio ezberdinetan aldatzen direnez, hauen aldaketa orokorra zehaztu behar da. Honetarako prezio indizeak erabiltzen dira.

Deflaktatzea gaur egungo diruari inflazioaren ondorioz galdutako balioa kentzea da (urtebeteko epean). Adibidez: iaz 5 €ekin zinera joan zintezkeen, baina aurten sarrera berak 5,20€ balio du %4ko inflazioa egon delako. Orduan 5,20 € deflaktatzen badugu 5€ bihurtzen dira.

JARDUERA: Joan zaitez INE web orrira eta kalkulatu zu jaio zinen urteko 1.000 pzta. zenbat euro izango liratekeen orain?

Nazio produktua hiru ikuspuntutik azter daiteke: Ikus grafikoa

  • Ekonomia batek epe jakin batean eta ekoizpen sektore ezberdinek ekoiztutako ondasun eta amaierako zerbitzuak
  • Etxeko ekonomiek, enpresek, sektore publikoak eta gainerako guztiek egindako ondasun eta zerbitzuetako gastuen batura.
  • Guztizko kostuen edo ekonomiaren ekoizkin osoari ekarritakoagatik faktoreei ordaindutako errenten fluxua: soldatak eta mozkinak.

3. Barne produktua eta nazio produktua

Nazio hitzak, herrialdean nahiz atzerrian dauden ekoizpen faktoreek lortutako ekoizpenaren balioa adierazten du. Barne hitzak aldiz, herrialde batek egiten duen ekoizpen jarduerari deritzo, erabilitako ekoizpen baliabideen jabeak nongoak diren kontutan hartu gabe. Beraz, barne produktua herrialde baten mugen barnean, urte betean ekoiztutakoaren guztizko balioa da.

Nazio produktu gordina (NPG) honela definitzen da: barne produktu gordina (BPG) ken herrialdean bizi diren atzerritarrek lortutako errentak (BAE) gehi herrialdekoek atzerrian lortu dituzten errentak (HAE).

NPG = BPG – BAE + HAE

Barne produktu gordinaren osagaiak honakoak dira merkatu prezioetan:

BARNE PRODUKTU GORDINA: BPGmp = K + I + G + S - N
Kontsumo gastu pribatua (K)
Etxeko ekonomien beharrizan arruntak asetzera bideraturiko gastuak.
Inbertsio gastuak (I)
Kapital finkoko ondasunak erostera bideraturiko gastua.
Gastu publikoa (G)
Sektore publikoak ondasun eta zerbitzuetan egindako gastua.
Esportazioak (S) Kanpora saltzen diren ondasun eta zerbitzuak.
Inportazioak (N)
Atzerrian egindako ondasun eta zerbitzuen erosketak.

Adibidez, BPG merkatu prezioetan kalkulatzeko osagai hauek kontabilizatu beharko genituzke:

  • gure kontsumoa: jantziak, janaria, turismoa,...
  • gure inbertsioa: etxebizitza, enpresa baten akzioen erosketa,....
  • inbertsio publikoa: udalak egindako errepide berria, gobernuak egindako trenbidea,...
  • esportazioak: gure enpresek atzerrian saltzen dituzten makinak.
  • inportazioak: guk erosten ditugun produktuak kanpoan diru fluxu negatiboa eragiten digute.

    JARDUERA: Bila itzazu zure lurralde eta autonomia erkidegoko BPG azken bi urtetan. EUSTAT


5. Ezkutuko ekonomia: diru beltza

Ezkutuko ekonomiak ogasunaren aurrean aitortzen ez diren jarduera ekonomiko guztiak izendatzen ditu. Bi jarduera mota desberdindu daitezke: legez kanpokoak, adibidez, drogak eta sozialki desiragarriak diren zerbitzuak ere baina zergak ordaindu gabe burutzen direnak, hala nola, igeltsero baten aparteko orduak. Adibidez: ezkutuko ekonomiako enpresa batek edozein ondasun edo zerbitzu sortuko ditu, langile guztien alta eman gabe, edota BEZa ordaindu gabe....
Funtsean arrazoi justifika ezinengatik gizarteak baztertzen dituen langileekin garatzen da. Langile hauek legez kanpo kontratatzen dira (ez zergarik, ez zama sozialik, ez soldata duinik....).
Ekonomia beltzak eragiten dituen ondorioak honakoak dira:

  • Langile edo enpresarien gizarte babesik eza, Gizarte Segurantzan inskribaturik ez daudelako.
  • Lan istripuak izateko arrisku handiagoa, enpresek ez dutelako segurtasun nahiz higiene araurik betetzen.
  • Lan orduen iraupen luzeagoa eta soldata txikiagoak.
  • Sarrera publikoen beherakada, ezbaitira ez zerga zuzenak ezta zeharkakoak ere ordaintzen.
  • Enpresa hauen ondasun nahiz zerbitzuak erosten dituztenen babesik eza.

Mundu osoan, lan baldintza hauek pairatzen dituen talde sozial handienak emakumeak, etorkinak eta haurrak dira.

6. Errenta eta ondarea

Pertsonen egoera ekonomikoa euren errentaren eta aberastasunaren arabera neurtzen dugu. Hau da, pertsona bat aberatsa dela esaten dugunean, pertsona horrek dituen ondasunak aipatzen ditugu (etxea, automobila, eta abar). Bi kontzeptu hauek desberdinak dira baina biek osatzen dute pertsona baten aberastasuna.

Era berean, gizarte baten gaitasun ekonomikoa identifikatzeko, gizarte horrek sorturiko produkzioa edo errenta eta pilaturiko kapitala hartzen ditugu kontutan.

Aberastasuna eta errenta desberdindu beharreko kontzeptu ekonomikoak dira:

Aberastasuna
Aberastasuna denboran pilatu egiten da eta aldi berean, garai bakoitzeko errenta sortzen laguntzen du.
Alderdi mikroekonomikotik begiratuz, aberastasuna gizabanakoen edo enpresei buruzkoa izan daiteke. Alderdi makroekonomikotik berriz, herri edo eskualde bati buruzkoa izan daiteke.
Errenta
Errenta denbora aldi jakin batekin lotu behar da, gehienetan. urte betea. Errenta produkzio faktoreen ordainketarekin parekatzen da (lana eta kapitala) edota urtebetean sortzen diren ondasun nahiz zerbitzuen balioarekin.

Aldi berean, errenta mota desberdinen aurrean aurki gaitezke:

Familien errenta
Produkzio faktoretzat jasotzen dutena izango da, hau da, lan eta euren aktiboen (kapitala) ordainketa.
Norberaren errenta
Pertsonek lortzen duten nazio errentaren zatia da. Nazio errentatik enpresek banatzen ez dituzten mozkinen gaineko zergak eta enpresek Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak kendu eta pertsonek estatutik jasotzen dituzten transferentziak gehituz lortzen da.
Norberaren errenta erabilgarria, norberak daukan errentatik gasturako erabilgarri dagoena da. Norberaren errentari pertsonek ordaindutako zerga zuzenak kenduta lortzen da.
Nazio errenta
Herrialdeko ekoizpen faktoreek (langile, enpresari, nekazari..) jaso eta kontsumora edo aurrezkira bideratzen duten guztizko errenta da.

Ekoizpen faktoreek eskainitako zerbitzuak ordainketen truke egiten dira. Funtsean lau mailatan sailka daitezke:

  • Soldatak eta alokairuak: lan zerbitzuen truke jasotako ordainketak dira.
  • Lurraren errentak: lurrak emandako zerbitzuen arrazoiez jasotako ordainketak dira.
  • Interesak eta mozkinak: kapital zerbitzuengatik jasotako ordainketak dira.
  • Transferentziak: sektore publikotik datozen ordainketak dira.

Nazio errenta guzti hauen batura eginaz lortuko dugu.

NE (Y)
Y = soldatak eta alokairuak + lurraren errentak + interesak eta mozkinak + transferentziak
NE (Norberaren errenta)
NE = Y- enpresek banatu gabeko mozkinak - mozkinen gaineko zergak - enpresek gizarte segurantzari ordaintzen dizkioten kuotak + estatuak etxeko ekonomiei egindako transferentziak
NEE
NEE = NE - Zuzeneko zergak