XIX. mendeko liberalismotik, keynesianismo eta marxismotik pasatuz, gaur egungo neoliberal edo sozialdemokratengana iritsi arte, ekonomilari guztiek estatuaren interbentzioari garrantzia handia eman diote. Errealitatean, edozein pentsakera ekonomikoaren menpe, 2. Mundu Gerra ondoren estatuak sektore ekonomikoaren bidez asko ala gutxi eragiten du ekonomian. Funtsean, bi funtzio ditu: zergak kobratu eta ondasun eta zerbitzu publikoetan gastatu. Estatuak, adibidez, egiten dugun erosketa bakoitzeko BEZa kobratzen digu eta, gero, diru horrekin Osakidetzako zerbitzua eskaintzen digu. Estatistikari erreparatuz gastu publikoak BPGn (Barne Produktu Gordina) portzentai ezberdinak hartzen ditu: Europar batasunean %37koa da, eta %28 eta %28,5koa Estatu Batuetan eta Japonian, hurrenez hurren.

Estatuaren funtzioak

Sektore publikoak lau zeregin ditu eta hauek gauzatu ahal izateko abiapuntua ZERGA POLITIKA da. Zergen bidez zerbitzuak eskaini ahal izateko behar dituen baliabideak lortzen ditu. Sektore publikoaren lau zereginak dira:

ARAUTZAILEA
Administrazioak jarduera ekonomikoa antolatzen dituen arauak ematen ditu. Adibidez, energia elektrikoaren prezioa, kutsaduraren kontrako neurriak, kontsumitzaileen defentsa eta osasun zaintza arautzen ditu
ZERBITZU ETA
ONDASUNEN
HORNITZAILEA
EEnpresa publikoen bidez ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dizkie hiritarrei, hala nola, hezkuntza, osasuna, garraioa, defentsa, ...
BANATZAILEA
Desberdintasun sozialak leuntzen saiatzen da eta horretarako gutxieneko soldata,laguntza sozialak, bekak, babes ofizialeko etxebizitzak bultzatzen ditu.
EGONKORTZAILEA
Magnitude ekonomiko nagusiak kontrolatzen ditu, hala nola, inflazioa, defizit publikoa, langabezia,....

Arautzailea

Liberal klasikoentzat hau da estatuaren funtzio bakarra. Honela agente ekonomikoek errespetatu beharreko joko arauak ezartzen ditu: jabetza pribatua, kontratuak, enpresen lehiakortasuna, kutsaduraren aurkako neurriak...

Zerbitzu eta ondasunen hornitzailea

Estatuak beste agente ekonomikoek bezala merkatuan eragiten du zenbait ondasun eta zerbitzu eskainiz, hala nola, hezkuntza, osasuna, errepideak, garraioa eta abar. Elkartasun printzipioan oinarrituta eta biztanleriaren ongizatea bermatu nahian funtsezko zerbitzuak eskaintzen ditu. Bestela gizarteko talde behartsuenek ez lituzkete zerbitzu hauek izango.
Hauetako batzuk, defentsa adibidez, zuzenean ezer kobratu gabe eskaintzen ditu estatuak bere aurrekontuetatik. Beste batzuk, aldiz, erabiltzaileek neurri batean ordaintzen dituzte baina gehiena aurrekontuetatik ordaintzen da. Beraz, hiritar guztion artean gure diru-sarreren arabera.
Europan, estatuak sanitatea, hezkuntza, trenbide garraioa, etxebizitza sozialak, adinekoen egoitzak eta abarreko zerbitzuak kudeatzen ditu. Honi europar eredu ekonomikoa deitu zaio welfare state, amerikar ereduari kontrajarria dagoena.

Banatzailea

Errentaren eta aberastasunaren banaketan eragiten du diru-sarreren eta gastu publikoaren bidez. Zerga sistemaren bidez errentaren banaketa gertatzen da, gehiago irabazten duenak gehiago ordaintzen du zergetan.
Ongizate estatua II Mundu Gerra ondoren sortu zen behar ekonomiko gehien zuten taldeen mesedetan errentaren berbanaketa bultzatzeko, adibidez, langabetuak, pentsionistak, soldata minimoa dutenak eta abar.

Egonkortzailea

Ekonomia kapitalistak ziklo positibo eta negatiboak izaten ditu. Estatuaren funtzioa ziklo hauen kontrako politika ekonomikoa egitea da. Ziklo positiboan, enpresek ahalik eta gehien ekoizten dute eta familiek dena erosten dutenez inflaziorako joera sortzen da. Ondorioz, estatuak dirua xurgatu behar du zirkuitu ekonomikoan: zergak igo, interesak handitu eta gastu publikoa murriztuz. Depresioan, berriz, estatuak ekonomia berpiztu behar du merkataritza erraztuz. Horretarako zergak murriztu, interesak jaitsi eta gastu publikoa handitu behar du kontsumoa bultzateko.