ZERGATIK NAZIOARTEKO
MERKATARITZA?
|
Begiratu
al duzue non egin dituzten zuen zapatilak? Made in Taiwan, Txina, Indonesia
eta honelako herrialdeetan eginda izaten dira. Debako enpresa batek,
DANOBAT, berriz, bere turbinak Txinan saltzen ditu. Ez al da erokeria
gure oinetakoak Txinatik ekarri beharra eta euskal turbinak hara eramatea?
Ez al litzateke merkeago izango bakoitzak behar duen guztia, edo gehiena
bertan ekoiztea? Horrela, behintzat, garraio kostua murriztuko genuke. Munduko
ekonomia, ordea, kontrako norabidean doa; gero eta erlazio gutxiago
dago ekoizpen tokia eta merkatuaren artean. Prozesu honi globalizazioa
deritzo eta bere ezaugarri ekonomiko nagusia hau da: mundu osoa
merkatu bat da eta ekoizleek eremu horretan lehiatu behar dute beraien
artean. XIX. mendean hain garrantzitsuak izan ziren merkatu
nazionalak eta lokalak desagertzear daude. Zein da nazioarteko merkataritzaren
garapenaren arrazoia? |
Abantaila absolutoaren
teoria
|
Galdera
honi erantzun zion lehen ekonomilaria
Adam Smith izan zen.Bere ustez herrialdeek espezializatu
egin behar zuten merkeago ekoizteko gai ziren produktuetan. Herri batek
ondasun bat besteak baino merkeago ekoizten duenean abantaila
konparatibo absolutoa du.
Adibidez, Errioxak ardoa ekoizteko gaitasun handia du: lur eta klima
egokiak, tradiziozko jakintza, ospe itzela eta abar. Euskal Herriak
beste hainbesteko prestutasuna du metalgintzan. Errioxari askoz garestiagoa
aterako zaio metalezko tresnak egitea Euskal Herriari erostea baino
eta Euskal Herriari garestiago suertatuko zaio ardoa ekoiztea Errioxatik
inportatzea baino. Biek dute abantaila konparatibo absolutoa merkeago
ekoizten duten ondasunetan, beraz, ondasun horiek ekoiztea komeni zaie.
|
|
Abantaila
erlatiboaren teoria
David
Ricardok, Adam Smith-en ikaslea, bere maisuaren teoria osatu zuen.
Bere ustez, herrialde batek abantaila
konparatibo erlatiboa du produktu guztien artean merkeen ekoizten
duen bakarrean. Demagun, aurreko adibidearekin jarraituz, Euskal Herriak
merkeago ekoizten dituela bai metalezko tresnak baita ardoa ere. Baina
metalezko tresnak % 30 merkeago egiten ditu eta ardoa, berriz, % 10
merkeago bakarrik. Euskal Herriak, orduan, metalgintzan espezializatu
behar du eta Errioxak ardoan, bakoitzak produktu horietan abantaila
konparatibo erlatiboa duelako. Horrela bi produktuen ekoizpena handitu
eta bere prezioa merkeagoa izango litzateke.
ARIKETA
|