ARANTZELAK ETA OZTOPOAK

Herrialdeek bere ordainketa balantza orekatzeko esportazioak bultzatu eta inportazioak murriztu nahi dituzte. Baina, estatu guztiek hau egingo balute, aduanak itxiko lirateke eta mundu osoan autarkia nagusituko litzateke. Nazio guztiek ahalik eta gehien esportatu nahi dutelako eta ahalik eta gutxien inportatu. Hala ere, estatuek zenbait tresna erabiltzen dituzte esportazio-inportazio erlazioa bere aldekoa izan dadin. Horretarako inportazioei oztopoak jarri eta esportazioei laguntzak ematen dizkiete.

Inportazioei ezarritako oztopo motak

a) Kuotak. Inportazioen murrizketa kuantitatiboa da. Gobernuek gehienezko kopuru batzuk ezartzen dituzte produktu zehatzetan. Adibidez, Europar Batasunak auto japoniarren inportazioari mugak ipintzen dizkiote bertako automobilgintza babesteko.Aduanak desagertu dira Europar Batasunean
b) Arantzelak. Inportatzen diren produktuei ezartzen zaizkien zergak dira. Hauen helburua salmenta prezioa igotzea da eta, ondorioz, herrialdean bertan egiten diren produktuak kanpokoak baino merkeagoak izan daitezen.
c) Hesi administratiboak. Administrazioek ezartzen dituzten arauak dira, bertako produktuak babesteko. Mota honetako hesi bat kalitate eta osasunari buruzko arau teknikoek osatzen dute. Adibidez Europar Batasunak elikagai galkorrak inportatzeko arauak ezartzen ditu: arraina edo frutaren gaineko kontrol sanitarioak ezarriz.
Estatuek, beti, izango dute modua inportazioak oztopatzeko metodo berriak asmatzeko eta nazioarteko hitzarmenak sahiesteko. Horregatik borondate politikoa erabakiorra da merkantzien elkar truke librea bermatzeko.

Esportazioak bultzateko pizgarriak

a) Administratiboak.Gobernuek bere enpresei kanpoko merkatuetara hedatzen laguntzen diete; aholkularitza emanaz, bertako produktuen publizitatea eginez edota nazioarteko feria eta erakusketetara eramanez.
b) Finantzarioak. Interesik gabeko maileguak, arriskurako aseguruak edota ganbioaren aldaketak bermatzen dituzten laguntzak eskaintzen dizkiete bere enpresa esportatzaileei.
c) Fiskalak. Desgrabazio fiskalak (zergak murriztu), diru-laguntzak eta zergen itzulketak dira erabiltzen diren tresna nagusiak. Neurri hauek lehiaketaren kontrakoak izan daitezke eta, horregatik, ez dira, maiz, onartzen nazioarteko merkataritzan. Adibidez, Koreak bere untzioleei emandako diru-laguntzek bertako untzien prezioak jaisten ditu eta beste estatuen salaketa sortarazi du munduko merkatua irentsi dutelako dumping bidez (produktuak bere ekoizpen kostutik behera saltzea).Haurren lana erabiltzen da lurralde azpigaratuetan

Gaur egun, beste bi dumping mota ditugu hizpide: ekologikoa eta soziala. Lehenengoan, ingurugiroa kaltetzen duten ekoizpen sistema erabiliaz prezioak merketzen dira eta, bigarrenean, lanesku merkea erabiliaz, hala nola, haurrak, presoak, esklaboak eta abar kostuak murrizten dituzte.

Liberalismoaren iritziz, nazioarteko merkatarizarako oztoporik egongo ez balitz, produktuen zirkulazioa kalitate eta prezioan oinarritutako irizpideen arabera gauzatuko litzateke eta, ondorioz, mundu mailako lehiakortasuna izango litzateke nagusi.



ARIKETA

Munduko Merkataritza Erakundeak (World Trade Organization) nazioarteko trafikoaren oztopoak ezabatzea du helburu. Joan zaitez bere web orrira eta bilatu informazioa galdera hauei erantzuteko.

  1. Zer da erakunde hau? Non du bere egoitza?
  2. Zeintzuk dira bere helburuak?
  3. Zeintzuk dira bere kideak?
  4. Zeintzuk dira merkataritza librearen abantailak