Karl Marx, 1818-1883

Karl Marx, Ricardo ekonomilariaren jarraitzailea, baina liberalismoaren kritikari zorrotzena izan zen. Berak kapitalismoaren lehen krisi handia bizi izan zuen, 1830an, eta ondoren etorri zen 1848ko iraultza. Urte honetan Manifestu Komunista idatzi zuen.
Gatazka hauei azalpena eman nahian bere teoria sortu zuen; bertan, etorkizuneko eboluzio sozio-ekonomikoa aurrikusten du eta langilegoari dei egiten dio gizartearen aldaketan aktiboki parte hartzera.
Ricardoren balioaren teoriatik abiatuta honako hau ondorioztatzen du: balioa lanetik dator baina langileen soldata lan horren kostu zehatza da eta ekoiztutakoa baino gutxiagoa. Ekoiztutako salgai eta soldataren arteko aldea gainbalioa da. Burgesiak eskuratzen duena eta langileek jasotzen ez duten gainbalioa. Aberastasunaren banaketa injusto honi esplotazioa deitu zion.
Marxentzat "Ekonomia historiaren motorra da" eta klaseen arteko borrokak eboluzioa historikoa eragiten du. Burgesiak. bere esplotazioa justifikatzearren, ideologia eta, bereziki, erlijioa erabiltzen du. Horregatik "Erlijioa herriaren opioa da" dio, erlijioa herria lo arazteko erabiltzen den droga bat dela esan nahirik.
Sistema honek etengabeko kapital pilaketa eragiten du burgesiaren esku eta, aldi berean, mozkinen jaitsiera dakar kontsumoa murrizten baita. Lantegien mekanizazioak langabeziara langile asko bidaltzen ditu , erretserbako ejertzito bat osatuz, soldatak miseria mailan mantentzen dituen bitartean. Langileak egoera honen kontra altxatu eta kapitalismoarekin bukatuko zutela profetizatu zuen.

Esan bezala aurreko gizarte guztiak klase menperatzaile eta zanpatuen arteko gatazkan oinarritu dira. Baina, klase bat zapaltzeko beharrezkoa da bere esklabu bizitza, behintzat, aurrera eraman ahal izateko baldintza minimo batzuk ziurtatzea. Morroia, aintzineko erregimenean, hiritarra izatera iritsi zen eta burges txikia burges handi bihurtu absolutismoan. Langile modernoa, aldiz, industriaren garapenarekin aberastu ordez, gero eta gehiago pobretzen da bere klasearen bizi baldintzetan behera joanez. Langilea miserian erortzen da eta pobrezia aberastasuna baino azkarrago zabaltzen da.

Burgesiaren menperaketaren baldintza nagusia bere eskuetan kapitala pilatzea da. Kapitala egoteko beharrezko baldintza soldatapeko langileak egotea da. Industriaren garapenak langileen batura dakar, bere elkarte iraultzailea sortuz. Horrela, industria handiaren garapenak burgesiaren oinarria urratzen du. Burgesiak bere hilobiratzaileak sortzen ditu, bere porrota eta proletargoaren garaipena nahitaezkoa da.

1. Zer da gainbalioa Marxentzat?
2. Zein da erlijioaren funtzioa historian?
3. Zein ondorio du lantegien mekanizazioak?
4. Zergatik pobretzen dira langileak?
5. Nolako etorkizuna aurrikusten du kapitalismoarentzat?
6. Bila ezazu informazioa eta Marxen bizitzari buruzko azalpen txiki bat eman ezazu.