Lan merkatuaren teoriak

Lan merkatuari buruz bi teoria nagusi izan dira historian: ekonomilari klasikoena, Adam Smith buru delarik, eta ekonomilari interbentzionista edo keynesiarrena, J.M. Keynes-en jarraitzaileak direnak.


Ekonomilari klasikoek lan faktorearen merkatua beste edozein ekoizpen ondasun, zerbitzu eta faktoreen merkatu bat bezala hartu zuten. Soldatak lan faktoreak eskainitako zerbitzuengatik ordaindu behar diren prezioak dira. Zenbat eta soldata handiagoak orduan eta txikiagoa izango da eskaria eta, aldiz, handiagoa eskaintza. Analisi neoklasikoa soldaten malgutasunean oinarrituta dago. Lan eskarian eta eskaintzan ematen diren aldaketek bien arteko oreka puntuan eragina izango dute beste oreka puntu berri batera iritsiz.

Adam Smith


J.M. Keynes
Eredu keynesiarraren arabera, langabeziaren kausa nagusia lan eskariaren urritasuna da. Enpresarien iguripenen aldaketa soil batek ondasunen inbertsioaren gutxitzea ekar dezake, eta honek erreakzio kate bat industria arlo ezberdinetan, enplegu galerak eraginez. Honen ondorioz, langileen erosteko ahalmenaren jaitsierak kontsumoa gutxituz sorgin zirkulua okerragotu dezake, langabezia egoera etengabe luzatuz
Gaur egun, badaude beste iritzi edo teoria soziologikoak lan merkatuari buruz:
a) Arriskuaren ordez segurtasuna: langileek lanpostua galtzeko arriskuari beldur gehiago diote enpresariek baino, horregatik lan finkoa nahiago dute nahiz eta gutxiago irabazi, eta ez dute beste lan bat bilatzen.
b) Enpresaren barne merkatuaren eredua: honen bidez azaltzen da langabetu kopuru handia egoteak ez diola enpresaren barneko langileei eragiten. Enpresaren lanpostu asko konfiantza edo kalifikazio altuko pertsonek okupatu behar dituzte, langabetuak ez dira egokiak lan hauetarako eta, beraz, ez dute eragiten  hauen soldaten jaitsieran. Ez dago erlazio zuzenik langabetu kopurua eta lan postu kalifikazio beharren artean.
c)Leialtasunaren ordainketaren eredua: enpresan, langile batzuek gogoz jarduten dute lanean; bidezkoa da, beraz,  enpresariak gehiago  ordaintzea langile hauei. Elkarren arteko lankidetza sortzen da langile eta enpresariaren artean.
d) Lan saihestearen aurkako eredua: Enpresa ezin da langile bakoitzaren atzetik ibili bere lana egin dezan, beharrezkoa da, beraz, pizgarria kalitatezko lana lortzeko. Pizgarririk onena soldata ona ordaintzea da.
e) Kontrako hautaketaren eredua: Enplegatzaileek, krisi garaian, langile onenak galtzeko beldurra izaten dute, baldin eta soldatak jaisten badituzte. Horren ordez nahiago dute langile kopurua murriztu eta langile onenekin geratu. Soldata jaitsi ordez lanpostuak galtzen dira.

Testu hauek irakurri ondoren honako galderei buruz hausnarketa egin ezazu

1. Gaur egun, Europan, soldata minimo bat ezarrita dago legez. Hau da, lanaldi osoa duen langileari ordaindu behar zaion gutxiena, 2007. urtean Espainian 570,60 €-koa da. Adam Smith-en testua irakurri ondoren, egilea soldata minimoaren aldekoa izango ote zen? Eta Keynes? Arrazoitu bien jarrera soldata minimoari buruz.
2. Zein neurri proposatuko zenuke Keynesen teoriari jarraituz langabezia gutxitzeko? Eta Adam Smithen jarraitzailea bazina?
3. Langileak lanpostuaren segurtasuna nahiago duela soldata hobea baino uste al duzu? Edozein langile motak?
4. Lan merkatua zatikatua dagoela diotenean, zein teoriatan oinarritzen direla uste duzu?
5. Teoria batzuek diote enpresa eta langileen arteko lankidetzan dagoela produktibitatearen gakoa. Euskal Herrian, horrelako adibiderik ezagutzen al duzu? Zer iruditzen zaizkizu teoria hauek?