Eskaria eta eskaintza lan merkatuan

Lana, beste edozein ondasun bezala, libreki trukatzen da merkatuan. Lan eskaintza lan egiteko prest dauden langileek osatzen dute eta lan eskaria enpresek behar duten langile kopurua. Beraz, zenbat eta langile gehiago eskaini merkatuan bere salneurria, soldata, hainbat eta txikiagoa izango da. Eta, aldiz, enpresek egiten duten eskaria zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta altuagoa izango da ordaintzeko prest dauden soldata maila.

Lan eskariaren grafika beherakorra da eta lan eskaintzarena gorakorra, biak elkartzen diren puntua "oreka puntua" izango da eta honek finkatuko du oreka-alokairua.

LAN ESKARIA

1.- Lanaren eskaria eskari eratorria da. Hau da, inork ez du eskatzen lana lanagatik lanaren etekinarengatik, baizik.Langilea izan daiteke oso trebea eta ongi prestatua, baina lan horren bidez egiten duena estimu gutxikoa bada, bere lan eskaria txikia izango da.

2.- Lan eskariaren elastizitatea eta produktuaren eskariaren elastizitatea harreman zuzenean daude. Medikuen eskaria handia bada, beraien soldata igo egingo da eta beraien eskaria ez da jaitsiko beharrezkoak diren bitartean (ez elastikoak) eta modu berean soldadoreen soldata igota ere lana ez zaie faltako. Eta alderantziz, produktuaren prezioa pixka bat igotzean bere eskaria asko jaisten bada (elastikoa) ordezka daitekeelako edo hain beharrezkoa ez delako, hori egiten duten langileen soldata igoera txikia izanik ere lanaren eskaria asko jaitsiko da.

3.- Lan mota zehatz baten eskariaren elastizitatea kostu osoaren lan kostuak duen proportzioaren araberakoa da. Kapital handiko lanetan, laborategi kimikoetan adibidez, langilearen soldataren igoerak ez du pilulen kostuan eragin handirik izango. Baina marrubiak eskuz biltzen ari diren langileen soldata egoera berehala nabarituko da marrubien prezioan.

4.- Zenbat eta errazagoa izan lan eskaria beste faktore batez ordezkatzeko, orduan eta elastikoagoa izango da. Zenbat eta gehiago igo soldatak orduan eta tresneria (kapitala) gehiago erabiliko da. Marrokoko soroetan langile asko ikusten da, aldiz, Europakoetan makina asko eta langile gutxi.

LAN ESKAINTZA

Lan askotan langileek ezin dezakete beren nahiara lan orduen kopurua aukeratu, konbenioz edo kontratuz zehaztua dagoelako. Beste batzuk, gutxienek, ordu gehiagotan lan egin nahi izanez gero badute aukera, hala nola, taxi-gidariek, dendariek, eraikitzaile txikiek... Prezio igoerak (soldatenak) lan eskaintzaren handitzea ekarriko du, baina puntu beteraino bakarrik. Hortik gora, langileak uste badu bere beharretarako nahikoa irabazten duela, nahiago izango du aisiari ematea beste orduak. (hemen grafikoa sartu)

ERANTZUN GALDERA HAUEI:
1.- Langile prestuaren lana beti preziatua al da?
2.- Bilboko Labe Garaietan milaka jendek egiten zuen lan. Haiek itxi ondoren eraikitako lantegi txikiagoan 500 langile daude eta teknologia askoz aurreratuagoa. Langileen soldata igoerak zein lantegitako piezen prezioan izango luke(zukeen) eragin handiagoa?
3.- Aldera itzazu ondorengo bi langileok: ur azpian hodiak soldatzen dituena eta Zumaian itsasontzi bat eraikitzen ari den soldatzailea. Biei euro bat igotzen badiegu soldata zeinen kasuan izango du eragin handiagoa lan eskarian? (Zein da elastikoagoa?)
4.- Alemaniako lantegi batean nagusiak soldata hobeak eskaini dizkie langileei ordu gehiagotan lan egiten badute. Hauek ezezkoa eman diote. Zer gertatzen da? Hor ez du eskaintza-eskaria legeak funtzionatzen?