Irakasleentzako sarrera

Unitatearen kokapena / Helburuak / Edukiak / LLan metodologia / IKTen erabilera

 



Unitate didaktiko honetan uztartu nahi izan ditugu Fisika eta Kimikaren irakaskuntzarako ikuspegi eraikitzailea eta Informazio eta Komunikazioetarako Teknikak (IKTak), zehazki Ordenadorez Lagundutako Esperimentazioa (OLE) eta simulazio-programak.

Horrela klaseak beste modu batera eman daitezkeela erakusten saiatu gara, liburua eta irakasleak arbelean egindako azalpenez gain beste bitarteko didaktikorik erabili ez duen ohiko eredutik aparte.
Era honetan gelan ikerketatxoak egin daitezkeela erakutsi nahi izan dugu, ikasleekin "zientzia egin daitekeela", zientzia ikasten duten bitartean.

Gainera, IKTak gelako lanean integratzeak ikasleengan aldeko jarrera sortzen du eta hauen ikuspegi berria ematen die. Garbi dago ikasle asko IKTen munduan murgildurik dagoela, gustukoak dituela, eta beraz gogo onez hartzen du IKTak gelan erabiltzeko proposamena. Baina, bestalde, beraiek beti egin dute IKTen erabilpen "ludikoa", eta oso ondo etortzen zaie jakitea ordenadorea, Internet, lan egiteko ere oso baliagarriak direla, Fisika eta Kimikako lan esperimentala egiteko, kasu honetan.


Gustatuko litzaiguke beste irakasleen iritziak jasotzea.



Mikel Etxaniz  

Unitatearen kokapena

Unitate didaktiko hau Batxilergoko 1. mailan lantzeko diseinatu dugu. Natur eta Osasun-Zientzien modalitatearen 1. mailako Fisika eta Kimikako irakasgaian, 5. gai-nukleoan (Kimikaren funtsezko lege, teoria eta unitateak) kokatua dago.

Zehazki, guk masa atomiko eta molekular erlatiboak bilatzeko XIX. mendearen hasieran kimikariek garatu zuten ikerketaren barruan txertatzen dugu. Ikerketa horri esker, Daltonek proposaturiko balioak (bere gehienezko sinpletasunaren arau okerrean oinarrituak) gainditu egin ziren, Gay-Lussac-en neurketetatik abiatuta eta Avogadroren hipotesia erabiliz; hau da, gasen legeei esker, presio eta tenperatura berberak dituen edozein gasaren bolumen berdinak korpuskulu-kopuru berdina duela ezarri zen, eta gasen arteko erreakzioetan masa eta bolumenen neurketak eginez, korpuskuluen (atomo eta molekulen) masa erlatiboak lortu ziren.

Beraz, unitate hau lantzen duten ikasleek ez dute oraindik substantzi kantitatearen kontzeptua ezagutzen, eta, ondorioz, gasen lege orokorra N korpuskulu-kopurua erabiliz osatuko dute, eta ez n substantzi kantitatea.

 

Helburuak

Hauen dira unitateak dituen helburuak:

1. Gasen legea eraiki, ikerketa zientifiko oso baten urrats guztiak emanez, eta egoera errealak ebazteko erabili.

2. Bai problema teorikoen ebazpenean, bai problema praktikoen ebazpenean, lan zientifikoak propioak dituen trebetasun, teknika eta prozedurak erabili.

3. Teknologia Berriek, datu esperimentalak hartzeko, grafiko eta taulak osatzeko, emaitzak kontrastatzeko eta aztertzeko, kalkuluak egiteko, ematen dizkiguten aukerak erabili.

Edukiak

Kontzeptuzkoak.

  • Gasen ezaugarriak: masa, bolumena, dentsitatea, presioa, konprimagarritasuna, zabalgarritasuna, barreiadura, tenperaturaren eragina.
  • Eredu korpuskularra.
  • Gasak deskribatzeko magnitude fisikoak: P, V, t, T, N
  • Hipotesia, lege zientifikoa.
  • Boyleren legea.
  • Tenperatura absolutua.
  • Gay-Lussac-en legeak.
  • Gasen lege orokorra.

Prozedurazkoak

Prozedura guztiz orokorra, eta zientzian garrantzia berezia duena, landuko dugu: ikerketa-lan osoa egitea, pauso hauek emanez:

  • Aldagaien definizioa.
  • Hipotesien emisioa.
  • Aldagaien kontrola.
  • Esperientzien diseinua.
  • Softwareen bidez datu-hartzea, kudeatzea eta komunikatzea.
  • Emaitzen azterketa.
  • Ondorioak ateratzea, hipotesiak egiaztatzea.
  • Legeen lorpena eta aplikazioa.

Jarrerazkoak

  • Gasen ereduaren (eredu zientifikoen) baliagarritasuna errealitatea azaltzeko.
  • Hipotesien behin behinekotasuna, eta aldatu beharra.
  • Ordenagailuaren garrantzia datu esperimentalen kudeaketan.
 

Lan-metodologia

Ohi dugun bezala, didaktika eraikitzailearen ikuspegitik diseinatu dugu gure lana. Honek ikasten duena ikaslea dela esaten digu, bera dela bere ezagupenen eraikuntzaren protagonista.

Irakaslearen papera prozesu horretan gidatzea eta laguntzea da. Egoera problematiko interesgarriak aurkeztu behar dizkio ikasleari, motibagarriak, nolabaiteko erronka direnak ebazteko. Egoera horiek ebaztean ikasleen eskema kontzeptualak azaleratuko dira, irakasleak aurkezten dituen ideia zientifikoekin elkar eragingo dute: ikasleen ideiak zuzenak baziren, baieztatuak aterako dira, eta okerrak baziren, ordezkatuak izango dira, baina ez irakasleak gauzak horrela direla esaten duelako, egoera horiek azaltzeko, ebazteko, ideia zientifikoak beraiek zituztenak baino hobeak direlako baizik.

Beraz, edukiak ez zaizkie itxiak, bukatuak, aurkezten ikasleei; ikasleek beraiek, beren ideietatik abiatuta eta taldeka lan eginez, ikerketa-taldetxoak osatuz, beren ezagupenak eraikitzen joan behar dute, proposatzen zaizkien jarduerak ebazten dituzten bitartean.

Hala, ikasleei ikerketa bat proposatu diegu gasen lege orokorra lortzeko: gas batek sartuta dagoen ontziaren pareten aurka egiten duen presioa zeren araberakoa den ikertzea. Ikerketa horretan eman behar dituzten pausoak gidatzeko jarduera-programa bat proposatu diegu.

Beren ideien baliagarritasuna egiaztatzeko ikasleek zientziaren prozedurak erabili behar dituzte, hipotesi egiaztagarriak igorriz eta hauek esperimentalki egiaztatuz. Eta hor datoz IKTak laguntzera.

 

IKTen erabilera

Lan esperimentala egiteko, Ordenagailuz Lagundutako Esperimentazioa (OLE, hemendik aurrera; ExAO, gazteleraz) erabili dugu, nagusiki; hau da, sentsoreen bidez egin ditugu neurketak, horretarako dagoen softwarea erabiliz, noski, neurketak programatzeko. Guk Alecop etxearen SADEX ekipoa erabili dugu, baina beste etxe bateko ekipoekin modu berdintsuan egingo dira.

Horrez gain, kasu batean, V eta t-ren arteko erlazioa ikusteko, zailtasun teknikoak direla eta nahiago izan dugu esperientzia simulatua proposatzea, Carlos Palacio irakaslearen web-orrian, http://perso.wanadoo.es/cpalacio/LeyCharles2.htm, dagoena.

OLEren bidez egindako esperientzietan lortu ditugun emaitza kuantitatiboak asetzeko modukoak izan dira, eta gasen lege orokorra lortzeko nahikoak, Hezkuntza Ertaineko ikasgela baten testuinguruan.

 

 

 


 

 

 

 
Pasaia-Lezo Lizeoa  - 20110 Pasaia (Gipuzkoa) - Tel.: 943 52 68 50   - Faxa: 943 52 68 54 
 [email protected]